2016ko azaroaren 02tik 2017ko urtarrilaren 29ra
Sorkuntza da gizakiaren izaeraren funtsezko ezaugarria. Inguru geografikoari egokitzeko eta arazoei aurre eginez eta eragozpen horiek aukera bihurtuz eragile izateko aukera eman dion indarra.
Bere bilakaeran, ohikoenak eta egunerokoenak diren bizipenetatik abiatuta, gizakiaren ezaugarri nagusienetakoa artea sortzeko ahalmen sinbolikoa da. Ildo horretatik gero eta antzinagokoak diren adierazpen artistikoak aurkitzen ditugu. Gizakien taldeek euren bizipenak, ametsak edo beldurrak gorputzak, tresnak edo kobetako hormak margotuz edo grabatuz adierazi dituzte.
Arte paleolitikoa Bizkaiko kobetan ere agertzen da. Azken urte hauetan arkeologoen eta espeleologoen lankidetzari eta lan erkideari esker zilegi izan da historiaurreko arte-adierazpenen multzo zabala lehengoratzea eta aztertzea. Bazegoen horietarikoen nomina klasikoa, hain zuzen ere Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenaza (Galdames) kobak, baina horiei oraintsu batu zaizkie beste batzuk, adibidez El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentxa eta Armintxe (Lekeitio) edo Morgota (Kortezubi), adierazgarrienak aipatzearren.
Erakusketa honetan egin den lan hori eta emaitzak erakusten dira. Teknologia berrien laguntzarekin eta XXI. mendeko euskarriak erabilita sorkuntzarekin esperimentatzen da arte paleolitikoa oinarri tradizionaletan aurkezten diren oraintsuenekoak diren sorkuntzekin. Iraganetik orainari egiten zaion keinua.
Helburu nagusia bisitariarengan emozioak sortaraztea da eta, aldi berean, ibilbide zientifiko honetan eskuratu den ezagutza zabaltzea. Horretarako erakusketan zehar denbora historikoarekiko kontrajarriak diren muntaia batzuk aurkituko ditugu. Hausnartzeko eta pentsatzeko gonbidapena dira.
Aurkezpen gisa, atarian, Bizkaian arte paleolitikoaren aurkikuntzan, azterlanean, babesean, hedakuntzan eta kudeaketan lan egiten ari direnen jarduerak eta protagonistak erakusten dira; euren esperientziak eta lanak erakusten dira. Azken finean, ezagutza horien aterik ezkutukoena irekitzen digute.
Has dezagun gure bidaia:
Jarraian, erabateko murgiltze-sistema baten bidez, hiru kobaren bisita birtuala egiteko aldean sartuko gara: Ventalaperra, Santimamiñe eta Arenaza. Helburua sentsazio bakarra sortzea da, bisitariari era intimoan eta indibidualean Bizkaian dauden adierazpen artistikorik antzinakoenekin gozatzeko aukera ematen zaio, giro berezian eta apartan ibilbide errepikatu ezina eskainiz: Paleolitikoko sorkuntza-espazioak.
Gure bidaian aurrera egin eta eztanda artistikora iristen gara: arte paleolitikoaren eta XXI. mendearen arteko tokapetara. Artista batzuen eskutik esparru bakarra sortuz arte paleolitikoa, arte garaikidea eta digitalak nola batzen diren ikusiko dugu; espazio horretan euren arteko diferentziak desagertu egiten dira bisitaria giro emozional ez-ohiko eta berritzailean murgilaraziz. Erakusketan Miquel Barceló, Mimmo Paladino eta Karel Appel-en koadroak ikusiko ditugu, eta baita Paco Gramaje, Txuspo Poyo eta Alba Corral-ek erakusketa honetarako berariaz sortu dituzten bideo sorkuntzak ere.
Ibilbidean aurrera egiten jarraituko dugu: Tailerra. Bisitariari aukera ematen dio zuzenean, ukitzeko pantailen erabileraren bidez, bederatzi kobaren eta horien historiaurreko artearen dokumentaziorako egin den material oparoaren atal bat ezagutzeko 2D eta 3D formatuetan.
Gure bidaiari amaiera ematen dion azken bideo baten erakusten diren bederatzi koben erreplika birtualak egiteko prozesua azaltzen zaigu eta 2016 d.C. PALEOLITOA erakusketaren kredituak ematen dira.
Murgiltze honek gure arbasoek ere bazuten sortzeko gaitasun hori ezagutzen laguntzea eta euren obra zaindu behar dugun altxor bakar moduan baloratzeko aukera ematea gustatuko litzaiguke eta, horrela, etorkizuneko belaunaldiei funtsa ahaztu gabe transmititzea: artea bere garaia gorabehera.